Ratio: 5 / 5

Inicio activadoInicio activadoInicio activadoInicio activadoInicio activado
 

Eskerrik asko Bixamuna Kronikarik!

Izar & Star zikloa. Oraingo honetan Akatzek eta The Cherry Boppersek egin behar zuten travestismo musikal berezi hau. Kontua da Bilboko bandek euren gustukoa den banda bat eta disko bat jotzen dute. Oraingo honetan Akatzek Skatalitesen abestiak joko zituen eta Cherry Boppersek, berriz, 60 eta 70eko hamarkadetako soul eta funk estiloaren klasikoak. Musika beltzak Bilboko aretorik esanguratsuenetarikoa hartu behar zuen apirilaren 5ean eta Bixamuna Kronikak han egon zen horren berri emateko asmoz. Gainera, kontzertuaren ostean, Dr Baltzek pintxatu behar zuen Muelle 4 tabernan. Gau aproposa, beraz, apirileko ostiral euritsu baterako.

image Sartu ginenerako, hasiak ziren Akatzekoak Ispaster Standard Time instrumentalarekin eta erdian harrapatu gintuen. Hiruzpalau instrumental jo zuten Bilboko bandak jendearen sartu-irteerek ematen duten inpas tartea betetzeko. Ordurarte, Josu gitarra-jotzaileak egin zuen abestien aurkezle. Geroago sartu zen agertoki atzetik Bita, Akatzeko abeslaria, ohikoa den berde letxugaz jantzita, ohikoa duen hitz jario kontrolaezin hori eta irribarrea ahoan. Joko zituzten kanten aurkezpena egin zuen abesti bakoitzeko. Batzuk kontzertu horretarako propio sortutako/moldatutako abestiak ziren; besteak beste, Man in The Street, Come Down (Letra erdaratu eta Condón izena jarri ziotena), Steel Reel, Guns of Navarone, You’re Wondering Now (Bukatzeko jo zutena….ederra!); beste batzuk, berriz, dagoeneko kontzertuetan jotzen zituztenak, In The Mood for Ska (Predispuesto a Ska) edo Simmer Down (Cálmate). Horietaz gain, Skatalitesenak ez ziren beste batzuk ere jo zituzten. Alton Ellisen Dance Crasher (Aguafiestas), Ken Boothen You’re no Good (No Eres Buena)…

Oso errepertorio trinkoa eta batasuna zuena. De menos a más. Nik uste dut jende gehiago joana zela The Cherry Boppers ikustera eta kostatu zitzaien apur bat giroa sortzea. Zaila, bestalde, hitz egiteko gogo itzela zuen publiko batentzat. Ze desatsegina den etengabeko zurrumurru hori entzutea kontzertuetan. Horiek bai, Aguafiestas. Hala ere, eta kontzertuak aurrera egin ahala, hitz jario hori dantzan jarri zuten Akatzekoek; kostata, baina lortu zuten. Hori bai, geroago komentatu genuen bezala, ez dakit azkarregi jo zituzten Skatalitesen kantak. Por poner un pero… Iñigoren bateriak ederki jokatu zuen Lloyd Knibben papera. Erritmo sinkopatu eta jostari horiek oso ondo sartzen zituen. Haizeek normalean bezain ondo. Haize frase guztiak oso aproposak. Baxua eta gitarra ondo(xe) lotuta. Teklatua oso doinu jazzero hori eman. Abeslaria ere, oso ondo. Lan neketsua izan zuena. Kantatu, abestien aurkezpena (historia eta guzti… Zelan kontrolatzen duen kabroiak), jendeari deika mintzatzeari utzi eta dantzan jartzeko…
Eta ordubete luzetxo pasata, amaiera eman zioten kontzertuari.

imageOso laburra egin zitzaigun atsedenaldiaren ostean, The Cherry Boppers sartu ziren indartsu lehengo kantarekin batera. Ordurako ez zegoen Akatzekin ikusi genituen hutsune horiek. Jendea barra-barra sartu zen Kafe Antzokira eta, konturatu orduko, dantza egiteko leku nahikorik ez genuela ohartzen nintzen. Esan bezala, indartsu sartu ziren Santutxukook groovea nonahi. Pusherman, Crosstown, Shake it, Doctor (Bita ahotsean),Go Slow… Euren tema batzuk ere jo zituzten; Keep on Bopping, La Pulguita…

 imageOso ondo… Askotan ikusi ditut dagoeneko Cherry Boppers, eta oso funkyzalea ez banaiz ere, gero eta gehiago gustatzen zaizkit haien zuzenekoak. Haizeak brutalak dira. Oso ondo jolasten dira melodiekin. Batzuetan, batera jotzen dute armonia potenteak eginez. Bestetan tronboiak basea jartzen dio saxofoiari eta horrek frase bihurriak egiten ditu, baxua eta teklatuan zehar. Izan ere, baxuak base markatua ezartzen die kantei, eta teklatuak vintage kutsu hori sartzen du. Bateria nahiko orijinala da. Geldialdi politak egin eta kagabalgatzen jarraitzen du egindako etenaz konturatzeko astirik eman gabe. Gitarra wah-wah, distorsioa eta bestelako efektuak sartzen dizkio soinu-tresnari. Batzuetan tranze momentuak igartzen zaizkio. Begiak itxi, burua gora. Konzentrazio ikaragarria. Musikaz gozatzen etengabe. Kontzertu amaieran, publikoarengana jotzen dute batzuek (gitarra eta saxoa), eta jendeak eskertzen du jai giro hori. Juerga. Festa. In the Night!

Kontzertuaren punturik gorenean, izerdi patsetan zaudela, dantza egiteko indar zipitzik ez duzula, agur esaten dute eskerrak emanez.

Gau ederra, musika beltzak oholtza hartzen duen guztietan bezala.